Ehun pertsona bildu ditu RURALtXA!-ren lehen mintegian

27.11.2024

RURALtXA! proiektuaren lehenengo mintegia egin dute gaur goizean. EAEren eta Galiziaren arteko lankidetza-egitasmoa da, eta landa-eremuen bioekonomia bultzatzea du helburu. Horretarako, balioa ematen dio mendiko abeltzaintza estentsiboari. Izan ere, kalitatezko elikagaiak eskuratzeko beharrezko jarduera ekonomikoa izateaz gain, mendiko biodibertsitatea eta habitatak mantentzen laguntzen du.

Online egin dute mintegia, eta abeltzaintzarekin, kontserbazioarekin, administrazioarekin eta unibertsitateekin lotutako hainbat arlotako ehun bat pertsonak parte hartu dute. RURALtXA! proiektuaren lehenengo faseetan lortutako emaitzak erakusteko balio izan du jardunaldiak. Habitatak deskribatzea eta, proiektuaren eremu pilotuetan egiten diren jarduera tradizionalak mantentzearen bidez, horiek leheneratzea izan da lehenengo faseen helburua.

Hala, orain arte, interes komunitarioko habitaten 23.000 ha inguru (11.000 Galizian eta 12.000 Euskadin) identifikatu eta ebaluatu dira. Larreak, txilardiak eta zohikaztegiak dira. Galizian 250 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute eremu horietan eta, Euskadin, 130ek. Horiek, habitat horiekin lotutako jarduera tradizionalak garatzen jarraitzen dute, hala nola abeltzaintza estentsiboa, zaldi basatiak maneiatzeko sistema edo erlezaintza. Bioekonomiaren forma berriak ere garatzen dituzte, hala nola ekoturismo-esperientziak, zaldi basatien behaketa edo ondare kulturalean eta etnografikoan oinarritutako interpretazio-bisitak. Euskadin, adibidez, “Mendiko Gazta” gazta bultzatzen eta sustatzen ari dira. Izan ere, habitaten, paisaiaren, kulturaren eta tradizioaren kontserbazioaren balio guztiak barne hartzen dituen produktu bat da. Aralarko eta Urbiako mendiko bordetan ekoizten dute.

Laneko sareei dagokienez, Galizian dagoeneko 122 partaide ditu, eta Juana de Vega Fundazioarekin ari dira lanean, euren produktuen merkaturatzeari balioa ematen eta hobetzen lagun dezaketen marketineko tresnak garatzeko. Euskadin, 33 abeltzainez eta sektorearekin lotutako 20 erakundez osatutako sare batekin ari gara lanean. Prestakuntzarekin, aholkularitzarekin edo produktuen sustapenarekin lotutako behar nagusiak definitzea da helburua, mendiko herri-larreak erabiltzen dituzten ustiategien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko.

Habitatak maneiatzeko eta hobetzeko planak

RURALtXA! proiektuaren barruan egindako lanen artean, nabarmentzekoa da habitaten erabilera-planak idatzi direla proiektuaren eremu pilotu bakoitzean. Galizian, dagoeneko 8 Mendi Komunitate atxiki dira. Horretarako, akordio bat sinatu dute Galiziako Custodia do Territorio elkartearekin. Akordioak barne hartzen ditu 13.000 ha inguru, eta horietatik 5.500 ha inguru dira interes komunitarioko habitatak. Euskadin, espazio natural babestuen kudeatzaile gisa duten zereginean aipatutako Erabilera Planak kontuan hartzeko konpromisoa hartu dute 3 foru aldundiek.

Habitatak hobetzeari eta leheneratzeari dagokionez, desagertzeko arriskuan zeuden habitat batzuk kontserbatzeko zuzeneko jarduketak egin dira 148 ha-tan. Jarduketa horien artean daude honakoak: txilardiak sasiz garbitzea, zohikaztegietan zuhaitzak eta ebakitze-hondarrak kentzea, eta zaldi basatiak berreskuratzeko beste jarduketa batzuk, txilardi hezeen kontserbazio-egoera hobetze aldera. Era berean, praktika berritzaileak probatu dira. Adibidez, agindutako erreketak, garoaren kontrolak zilindro berezi batekin edo ganaduarentzako geoposizionamendu-lepokoak erabiltzea, hesi birtualekin.

Egun batzuk barru, mintegiaren edukia jasotzen duen bideorako eta ondorioen dokumenturako sarbidea emango dugu.