02.02.2023
RURALtXA! proiektu eraldatzaile handia da, habitaten kontserbazioarekin lotutako abeltzaintza estentsiboko jarduera tradizionalak bultzatu nahi dituena, Natura Sarearen eta mendiko beste naturagune batzuen inguruko landa-bioekonomiaren oinarri gisa. Coruñako Unibertsitatea, Santiago de Compostelako Unibertsitatea eta HAZI Fundazioa dira ekimenaren sustatzaileak; eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodiversidad Fundazioaren laguntza du, Europar Batasunak NextGenerationEUren baitan finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (BEEP) esparruan.
Testuinguru horretan, proiektuaren arduradun nagusiek eta lurraren gaineko eragileek (abeltzainak eta erkideak) bilera bat izan dute Elena Pita Biodiversidad Fundazioko zuzendariarekin eta Biodibertsitaterako eta Klima Aldaketarako zuzendariordearekin; bertan, ekimeneko gai nagusietan sakontzeko aukera izan dute (esaterako, abeltzaintza estentsiboa babestea hura sustatuz eta biodibertsitaterako jardunbide jasangarriak aplikatuz, eta Batasunaren intereseko habitatak lehengoratzea).
Proiektuaren helburua da abeltzaintza estentsiboko sistema tradizionalak sustatzea. Sistema horiek funtsezkoak dira mendi-eremuetan biodibertsitatea kontserbatzeko eta kalitatezko produktuak eta gizartearentzat funtsezkoak diren ekosistema-zerbitzu ugari sortzeko. Haren garapenak abeltzaintzako praktika tradizionalen mende dauden Iberiar Penintsulako iparraldeko habitaten (esaterako, mendiko larreak, txilardiak edo zohikaztegiak) kontserbazioa eta kudeaketa jasangarria bilatzen du.
RURALtXA! 2025eko abendura arte luzatuko da, eta honako hauek aurreikusten ditu: Galiziako eta Euskadiko mendialdeetan habitaten presentziaren eta kontserbazio-egoeraren diagnostikoa egitea; horien kontserbazio eta erabilera jasangarrirako jardunbide egokienak aplikatzen dituzten maneiatzeko planak garatzea; habitatak leheneratzeko eta hobetzeko zuzeneko ekintzak egitea; eta emaitzak monitorizatzea. Gainera, habitat eta produktu horiek ematen dituzten onurak ebaluatzea eta abeltzaintza tradizionalari laguntzeko lankidetza-tresna ugariko lan-sare bat sortzea aurreikusten du.
RURALtXA!-ren jarduera-eremua Galiziako lau eremu pilotutan dago; honako hauetan: Serra do Xistral eta Monte Maior KBEetan (Kontserbazio Bereziko Eremua), Lugon; Serra da Faladoiran, Coruñan; eta Serra da Groban, Pontevedran. Eta Euskadiko bost eremu pilotutan (naturagune babestu hauetan: Gorbeian, Aizkorri-Aratzen, Aralarren, Arkamo-Gibijo-Arrastarian eta Salvada Mendilerroan). Hala, proiektuak mendiko eremu irekietan Batasunaren intereseko lehentasunezko habitaten 21.300 hektarea inguru hartzen ditu.